Posts Tagged ‘Euskara’

WATASHI WA BASUKUJIN DESU – わたしはバスクじんです

urria 31, 2009

Aurreko argitalpenean (hitz altxorra alde batera utzita) nola aurkeztu behar ginen azaldu nuen. Gauza da, japonieraz aurkezteko beharra baldin badugu, seguru aski Japonian gaudelako izango da eta ondorioz gu atzerritarrak izango gara. Japoniarrak oso txobinistak dira gauza askotan baina bestalde oso jatorrak dira atzerritarrekin eta laguntzarik behar ezean atsegin handiz lagunduko zaituztete (niri laguntzarik eskatu gabe etorri zitzaizkidan bi japoniar Tokio eta Kyoton treneko mapak azaltzera).

Horrelako kasuren batean nondik zatozten galdetuko dizuete. Izenburuko kasuan honako hau diot: “Ni euskalerritarra naiz”. Esaldia honela konposatzen da:

WATASHI WA BASUKUJIN DESU

NI PARTICULA EUSKALERRITARRA NAIZ

Beraz, ikusi daitekeenez, azken argitalpenean erabilitako esaldiaren egitura berdina mantentzen da. Honako kasu honetan naziotasuna adierazten dugu. Japoniera euskararen oso antzerakoa da kasu honetan. Bi hizkuntzek atzizkien bidez adierazten dituzte nazionalitateak. Euskaraz, -(T)AR atzizkia erabiltzen dugun eran, japoniarrek -JIN atzizkia erabiltzen dute.

Euskara, latinaren influentziaren ondorioz, pixkabat bereziagoa da salbuespen batzuk baititu (frantzesa, ingelesa,… ez dira era berean esaten) baina japonieran kasu guztietan (nik dakidala) berdin esaten da.

Era berean hizkuntzei buruz hitzegitean, antzeko zerbait gertatzen da. Euskaraz -ERA atzizkia erabiltzen dugu herrialde bateko hizkuntzari erreferentzi egiteko: ingelera, japoniera, arabiera, gaztelera, etab. Japonieran ere atzizki bat erabiltzen da: -GO. Honela, BASUKUGO esatean euskarari deritzogu.

Ondorioz, gaztelerari erreferentzi egiteko SUPEINGO esaten da eta espainiarrari erreferentzi egiteko SUPEINJIN esaten da. Beste adibide bat: Alemania DOITSU esaten da, alemaniar DOITSUJIN esaten da eta alemana edo alemaniera DOITSUGO esaten da.

Badaude, hala ere, salbuespen batzuk. Ingeleraren kasuan, EIGO esaten da IGIRISUGO beharrean. Gainera, Kolonbian gaztelera hitzegiten denez ez zaio KORONBIAGO deitzen bertako hizkuntzari SUPEINGO baizik.

Hona hemen zenbait herrialde eta beraien naziotasun eta hizkuntzen egituraren adibide batzuk:

HERRIALDEA HIZKUNTZA NAZIONALITATEA EUSKARAZ
AIRURANDO EIGO AIRURANDOJIN Irlanda
AMERIKA EIGO AMERIKAJIN Estatu Batuak
ARUZEINCHIN SUPEINGO ARUZENCHINJIN Argentina
IGIRISU EIGO IGIRISUJIN Erresuma Batua
ITARIA ITARIAGO ITARIAJIN Italia
OOSUTORARIA EIGO OOSUTORARIAJIN Australia
OOSUTORIA DOITSUGO OOSUTORIAJIN Austria
CHUUGOKU CHUUGOKUGO CHUUGOKUJIN Txina
NIHON NIHONGO NIHONJIN Japonia
SUPEIN SUPEINGO SUPEINJIN Espainia
FURANSU FURANSUGO FURANSUJIN Frantzia
DOITSU DOITSUGO DOITSUJIN Alemania
KANKOKU KANKOKUGO KANKOKUJIN Hego Korea

Ongi etorri Euskaldunontzako Japonierara!

urria 21, 2009

Blog hau, euskaldunek japoniera ikasteko sortu dut. Honek ez du esan nahi nik japoniera dakidanik. Oraindik ez. Baina, gaur hasi ditut klaseak eta oso ikasle txarra izan naizenez beti, apunteak web orri batean gordetzea pentsatu dut eta jakinik euskarak eta japonierak gramatikoki antzekotasun batzuk dituztela, ideia ona dela iruditu zait.

Gainera, nire euskara pixka bat ustelduta dabilenez, trebezia bereskuratzeko era egokia iruditu zait.

Bloga gutxinaka gutxinaka eguneratuko dut post bakoitzean gauza gutxi batzuk azalduz eta euskararekin zerikusia izanez gero, parekotasunak erakutziz.

Saiatuko naiz post bakoitzean ‘tag’ak jartzen horrela etorkizunean norbaitek post bateko zerbaitekin zerikusia duten beste post guztiak ikusi nahian, hori egiteko aukera izan dezan.

Besterik gabe, ongi etorri Euskaldunontzako Japonierara!